AURKEZPENA ETA HISTORIA

Mendialdea IPI Santikurutze Kanpezun kokaturiko ikastetxe publiko integrala da, giro familiar eta euskaldunean derrigorrezko hezkuntza bere osotasunean eskaintzen duena, 2 urtetik 16 urtera. Arabako Mendialdeko ikastetxerik zabalena da eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen duen bakarra. Gainera, Araba eta Nafarroa arteko mugan kokatuta dagoenez, Nafarroako "eremu ez euskalduna" deritzon Lizarraldeko herrietan euskaraz ikasi nahi dutenen erreferentzi zentroa ere bada.


Mendialdea IPI 2013/14 ikasturtean martxan jarri zen arren, historia luzea du, hona hemen laburpen txiki bat:

  • 1970eko hamarkadaren hasieran, Kanpezuko "CP Campezo Yoar" eskola publikoa inguruetako herrietako ikasleak jasotzen hasi zen; hala, Lehenengo Hezkuntzako eskola bilgune bihurtu zela esan genezake. Hamarkadaren erdialdean, Harana udalerriko ikasleak ere hasi ziren etortzen; hurbildu ziren azkenak, 90eko hamarkadaren hasieran, Bernedoko ikasleak izan ziren.

  • 1977. urtean, Ibernalo ikastola sortu zen Kanpezun; geroztik, Mendialdeko haurrek euskaraz ikasteko aukera izan dute, eta euskal kulturan hezi.

  • 2004. urtean, Ibernalo ikastola eta CP Campezo Yoar batu egin ziren, mendialdeko Haur eta Lehenengo Hezkuntzei erantzun publiko bateratua emateko. Halaxe sortu zen "CEP Nuestra Señora de Ibernalo Ikastola HLHI". 

  • Bigarren Hezkuntzari dagokionez, 1975/76 ikasturtean, Lanbide Heziketako lehenengo mailako ikasketak (Administrazioa arloan) ezarri ziren CP Campezo Yoar eskolaren egoitzan, 24 ikaslerekin. 1976/77 ikasturtean, haietako 13k jarraitu zuten, baina hurrengo ikasturtean itxi egin behar izan zuten, ikasle falta zela eta. Horren ondorioz, Mendialdea Bigarren Hezkuntzako ikasketarik gabe geratu zen.

  • 10 urte geroago, 1987/88 ikasturtean, berriz ezarri zen Bigarren Hezkuntzako Heziketa (IEE/REM: Irakaskuntza Ertainen Erreforma), CP Campezo Yoar-eko egoitzan, 3 irakaslerekin eta 14 ikaslerekin. Arazo burokratikoak zirela medio, Gasteizko Mendizabala Institutukoen ardurapean geratu zen.

  • 1995/96 ikasturtean, gaur egungo DBHko eraikina estreinatu zen 5 irakaslerekin eta 3 talderekin: IEE/REMeko 1. eta 2. mailetako talde bana eta Lanbide Heziketako talde bat.

  • 1996/97 ikasturtean, DBHko 1. eta 2. mailak ezarri ziren, A, B eta D ereduetan. Apurka apurka DBHko 4 mailak ezarri ziren eta oraindik ere idarrean dagoen hezkuntza esparrua da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

  • 2013/14 ikasturtean Ibernalo Ikastola eta Kanpezu institutua, Kanpezu BHI, fusionatu ziren oraingo ikastetxeari bidea emanez: Mendialdea IPI, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen dituen ikastetxe publiko integratua, euskara hutsean eta kalitate handiarekin.